2012-02-13

Gernika 1937-2012: bakea, askatasuna... autodeterminazioa

75 urte betetzen dira aurten Gernika, besteak beste, hegazkineria nazi-faxistek bonbatu zutenetik. Gernika Batzordeak urteurrena Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburu eta bozgorailu bilakatzeko deialdia egin du. Hasiak dira jada ekitaldiak, egitarau zabala osatuko dutenak.

HAMAIKA ETA HIRUROGEITA HAMABOST GERNIKAK
1937ko apirilaren 26an hegazkineria nazi-faxistak Gernika hiria erraustu eta populazioa sarraskitu zituen. Huraxe izan zen Erabateko Gerra kontzeptuaren ordura arteko gauzatzerik latzena, Gernika munduratu zuena.

Gernika Kasuak erakutsi zuenez, Erabateko Gerraren euskarrietako bat propaganda izanen zen. Hots, benetan gertatu zenaren -historiaren- manipulazioa, gezurrezko historia ofizialaren inposaketa eta sarraskitutakoak ahanzturara, gogoratuak izateko eskubidea izatea ere ukatzera.

Bada, historia ukatuz eta oroimena zigortuz bizi arazi gaituzte 75 urtez euskaldunok, bata bestearen errenkadan 75 Gernika biziarazi gura izan dizkigute. Gaur gaurkoz, Gernikan gertatutakoa idatzi ahal izateko egiak giltzapean baitituzte, berbarako, Espainiako Erresumako Artxibo Militarrean. Egia bahiturik, ez zaielako gerrate hura eta ondorengo diktadura arrotz egiten? Eta egia bahiturik, nola guk, euskal herritar arruntok, iragana oroitu? Gezurrak hasitakoa historia ote da? Gezurrak hezitakoa memoriatzat dugu?

Duela 75 urteko Gernika hura behin eta berriz erraustu digute. Gernika izanak ziren, Gernika baino lehenago, beste hamaika. Maroko eta Eritrea, Otxandio Elorrio, Durango, Bilbo. Haatik, Gernikakoa izan arte inork ez zekien lehenagoko beste hamaika haiek ere Gernikak izanak zirenik. 1937ko apirileko arrasti hartakoak bizi arte ez baitzen halakoentzat izenik asmaturik. Horretarako Pablo Picassok bere Guernika sortu behar izan zuen. Gernikatuak izan eta izango zirenak irudikatzeko.

Zer da Gernikatua ez bada erraustua, sarraskitua, ukatua, isilarazi, gutxiagotua, zapaldua.
Gerora ere beste hamaika Gernika izanen ziren. Gernika izanen ziren London, Coventry, Dresde, Hannover, Hiroshima, Nagasaki, Vietnam, Santiago, Sarajevo, Bagdad, Xabra eta Xatila, Nablus, Halabja, Kabul, eta nork daki, Teheran. Guztiak gernikatuak. Garaian garaiko gerra eraileek bazekiten hamaika Gernika izanen zirena, egungo gerra eragileek gaur, bihar eta etzi izanen direla dakiten legez. Horrexegatik da hain beharrezkoa Gernika bere esanahi osoaz aldarrikatzea. Beste Gernikarik ez! lau haizetara ozen esatea.

Eta ozentasun berberaz salatu ditzagun gerren logika eta gerrak eragiten dituztenen legeak, gerrak badituzte-eta beren bideak eta legeak, gerrek bait baitituzte diseinatzaileak, eragileak, saiak, bizkarroiak. Eta bideok eta legeok salatzeaz batera, horiek errotik erauzteko lanean hastea da premiazkoena gaur eta hemen. Erauz ditzagun gerraren legeak eta bideak, errotik, eta dugu-eta beste Gernikarik nahi! Ez gurean ez bete inon. Har diezaiegun aurrea, txikitu ditzagun handiak, konturatu daitezela gure memoria gure izanarekin batera daroagula aldean.

Euskal Herrian beste Gernikarik izan ez dadin, azken 75 Gernikurteak hartu behar dira gogoan, eta esan: Historia osoa eta osorik jakitearen ezinbestekotasuna aldarrikatzen dugula, ordukoak herri legez gogoratzeko eta banako orok bere memoria pertsonalean bizitzeko eskubidearekin batera. Ezin digute sinestarazi bizi izan dugula ez dela Historia.
Gurean beste Gernikarik izan ez dadin eta azken 75 gernikurteak gogoan, orduko hartan Erabateko Gerraren, hots, gerra-zibilekiko sarraskien bidez ukatu eta kondenatu dituzten ideiek elkartu gaitzakete ordukoen ondorengo sentitzen garen euskal herritar guztiok. Bonbapean izan ziren abertzaleak zein espainol zirenak, erraustuak euskaldun nahiz erdaldun errepublikanoak, heriotzara kondenatuak, sozialistak, komunistak, kristauak, anarkistak eta beste. Ordukoen omenez, gaur eta hemen, ideia horien guztien zilegitasuna aldarrikatu behar dugu: izateko eskubidea berezkoa dugu, izateko eskubidea ukaezina. Gu, euskaldunak gara. Mundukide ditugun auzo eta urrunekoen aitortza eskatzen dugu. Askatasuna bidelagun, Bakea dioen bideseinaletik aurrera goaz, Autodeterminazio Eskubidea deritzoneraino. Bertan dugu zain nobrberaren buruaz erabakitzeko eskubidea, euskal herritarrok euskal herritarrak izan gura dugula hautatzeko askatasuna. Eskubide jakin batek ez baitu esan nahi inoren hautua ukatzen denik, hautu guztiak parekide eta libre lehiatzeko bermea ukanen dutela baizik. Euskaldunak garela aldarrikatzeak ez dakarkio elkarbizitzari eragozpenik. Euskal Herrian euskaldunak garela aldarrikatu behar izatea da askatasunaren eta begirune ezaren froga ukaezin.

Bakera bidea urratu nahi dugu, eta begirada atzera bihurtzean bidean aurrera eginez goazela erakutsiko diguten mugarriak ezarri, Historiarekiko fideltasunaren adierazgarri, memorian gorderiko oroigarriak baketan bizi ahal izango ditugun seinale.
Bakea da gure konpromisoa eta autodeterminazioarena da proposatzen dugun bidea. Bonben azpian suntsitu gura izan ziren jendeen eta ideien oroimenez, memoria aldarrikatuz. Gure ondoren etorriko direnek halaxe merezi dutelako gure 75 Gernikurteak ez daitezen 100 izan. Munduan izan diren eta oraindino badiren beste hamaika Gernika horiengandik ikasiz edota bidea erakutsiz.

Gernika-Lumon, 2012ko otsailaren 11n