2012-02-14
Torturaren ondorio guztiak bildu, ezagutarazteko
Torturaren ondorioak biltzen ari da Euskal Memoria aurten, besteak beste urte amaierarako eduki horiek liburu batean ezagutarazteko: "Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian". Lan honen berri eman dute Julen Arzuaga (liburuaren egile) eta Arantxa Erasunek Eibarren Torturaren Kontrako Egunean egindako hitzaldian.
Torturaren dimentsio osoa azaleratzea dugu helburu, azken 50 urteetan torturaren erabilpen sistematikoak utzi duen ondorioak jasoz. Ondorio kolektibo zein pertsonalak, Euskal Herriko sektore politiko oso bat errepresioaren jomugan eta torturak arrasto sakona eta iraunkorra utzi du eta uzten ari da, gaurdaino. Eta arrasto hori ezezaguna da, ezkutua da.
Nola bildu ondorio kolektibo horiek? Torturaren errolda osatzen ari gara Euskal Herri osoan. Azken 5 hamarkadetan 10.000 pertsona inguru torturatu dituzte, egindako estimazioen arabera. Horien guztien izen-abizenak jasotzen ari gara. Noiz, nola, nork atxilotu eta torturatu zituen, ahalik eta zehaztasun gehienarekin.
Milaka pertsonen bizipen pertsonalek osatua izan behar du, beraz, argazki kolektibo horrek. Arakatu nahi dugu torturatu dituzten pertsona horien bizitzetan nola eragin duen torturak, hortxe baitago ondorioen sakontasuna.. Inkomunikazio egun horietan bai, bai ondoren zer gertatzen da?
Egia osoa ezagutzeko, ondorio guztiak bildu
Gatazkaren ondorioez hitz egiten den garai honetan, ondorio horiek zeintzuk diren zehatz-mehatz jasotzeke dago, eta estatuaren biolentzia zuzen-zuzenean jasan duten horiek beren kontakizuna egiteko dute; beren izena zerrendetan jasotzeke dago; pasa dutena eta pasatzen ari direna ezkutuan dago oraindik. Eta herri honek beste aro batera pasatzeko beharrezkoa du ondorio horiek guztiak ezagutuak eta onartuak izan daitezen. Erantzuleek onartu behar dute. Egia osoa osatu nahi bada, ondorio guztiak jaso, zehaztu behar.
Horregatik, errealitate hori azalera ekarri nahi dugu, argitara atera. Eta horretarako, lehenik eta behin errealitate hori bere zabaltasun osoan jaso behar dugu. Nortzuk diren, eta nola bizi izan duten torturaren ondorioa.
Bilduma eta zerrendatze lan hori lan kolektiboa, guztion artean osatu beharrekoa, Euskal Herri osoan. Orain da garaia gertatu zena esateko, argitaratzeko… hori guztia onartua izan dadin. Izan ere, milaka euskal herritarrek jasandako estatu-biolentzia hori ikusezina izateaz gain, onartu gabekoa da.
Deialdia Eibarren, “torturaren harresia pitzatzeko”
Eibarko Portalean egindako hitzaldian, aurtengo lan monografiko honen egile Julen Arzuaga eta Arantxa Erasunek deialdi horixe egin zuten, hain zuzen ere, torturaren ondorioak biltzeko guztiek ekarpena egiteko, bai Eibarren eta baita Euskal Herri osoan ere. Julen Arzuagak abokatuak, Giza Eskubideen Behatokian urte luzez egindako lanaren ondorioz, gertutik ezagutzen du torturaren gaia, eta aurten Euskal Memoriako lan monografikoari heldu dio erronka horrekin, torturaren dimentsio osoa biltzea alegia.
Eibarren egindako hitzaldian “torturaren harresia pitzatzeko” beharra aipatu zuen Arzuagak. Epealdi bakoitzean euskal herritarren kontra tortura modu ezberdinean baliatu dela azaldu zuen, betiere inpunitatearen marraren gainean, eta torturaren inguruko bilduma-lan “monstruosoa” (kualitatiboki zein kuantitatiboki) horretarako tresna gisa kokatu zuen.
Portalea bera, testigantzetarako gune
Aurkezpena egin zuen Simone Beristain bera, eta hitzaldira hurbildu ziren hainbat herritar ere, torturaren errealitateaz lehen pertsonan aritu ziren. Kontakizun hunkigarria konpartitu zuten bertaratutakoekin, urtetan isilean gordetakoak argitara ekarriz. Eibarren bezala, herriz herri testigantzaok eta gertaturikoak jasotzea garrantzia handiko zeregina dugu egia osoa bildu eta ezagutarazteko.